Abian da Auzoka, komunitatea egiteko espazioa

Zorrotzan Komunitate Zentro bat sortzea gure amets-zerrendan aspaldi zirriborratu genuen ideia zen. Noizbehinka komunitate-ekimenak garatzeko espazioak bisitatu ditugu non, gizarte erakunde batek kudeatu arren, instituzioak proiektua bere egin duen.

Gure Lurran hasieran ametsak direnak egikari bihurtzen saiatzen gara. Hartara, 2015. urtean, auzoaren egoeraren diagnosia idazten hilabete batzuk eman eta gero, “Zorrotzan Komunitate-Zentro bat sortzeko Proiektua” aurkeztu genuen, bai Taldeen Koordinakundean bai udalean. Untziola kaleko Erretirodunen lokal ohia proiektu horretarako espazioa proposatu genuen. Ideia begi onez hartu zen alde bietatik baina azkenean baztertua izan zen, udalaren lehentasuna bestelakoa baitzen, alegia,  Zorrotzako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kokagune horretara mugitzea, bere funtzioa garatzeko espazio handiagoa behar zutelakoan.

Geroago, 2017an, frontoia estaltzerekin batera lokalen eraberritze eta handitzea lortu zenean, Komunitate Zentroa sortzeko Proiektua berreskuratu genuen eta, egun, errealitate bat da Zorrotzako auzoarentzat.

Zer da Auzoka?

Gizartearen (erakundeen eta talde informalen) ekimenei eta komunitatearen ongizatea sustatzen duten baliabide teknikoei irekita dagoen zentroa da.  Momentuz, zentroa hainbat gizarte erakunde erabiltzen ari dira baita auzoko musika-banda batzuk ere. Alabaina, jomuga gero eta talde gehiagok erabiltzea eta erabilera desberdinak izatea da, hala nola, antzerki soziala, hezkuntza errefortzua, formazio-espazioak, taldekako lanak egiteko gelak…

Abenduaren 15etik aurrera kontatuko dizugu

Oraindik martxan jartzeko prozesuan gabiltza baina abenduaren 15ean benetako hasiera emango diogu proiektuari, 18etatik aurrera antolatu dugun inaugurazioarekin. Halaber, hurrengo astean zehar (abenduaren 18tik 22ra) ateak inoiz baino zabaliago izango ditugu. Pasa eta kontatuko dizugu!

Info gehiago

Oraindik ez dago iruzkinik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Argazkiak

Colaboradores / Laguntzaileak: