Familia batzuek, arrazoi desberdinak direla eta, eguneroko bizitzaren arazoei aurre egiteko zailtasun handiagoa dute eta egoera horrek kezkatzen gaitu. Haurrei ere zuzenean eragiten dieten egoera hauek krisialdiagatik larriagotu egin dira eta bizitzeko tresnak lortzearekin zerikusia duten erantzunak behar dituzte. Tresna horiek autonomiarekin, emozioen heziketarekin eta sozializazio positiboarekin lotura dute.
Zentzu horretan, komunitate ikuspegiak akonpainamenduari eta prozesu pertsonalen orientazioari balio gehigarria ematen dio. Zailtasunei aurre egiteko tresna horiek emateak potentzial bikoitza hartzen du testuinguru naturaletan gauzatzen denean, non pertsonek behar berdinak dituzten eta hauei erantzuna emateko antolatzen diren. Esparru horiek egoera hauek hautemateko eta aurrea hartzeko ezin hobeak dira baita ere.