Auzoak

Nahiz eta Zorrotzan jaio ginen eta esku-hartze gehiena han egiten dugun, abian ditugun programa batzuk-Zorrotzan gauzatzen badira ere- ez daude soilik bertan bizi diren pertsonei zuzenduta, akzio eremua barrutiko beste auzoetara hedatzen baita. Gainera, azken urteotan barrutiko beste elkarte batzuekin elkarlanean aritu gara eta animazio soziokulturalarekin eta herritarren parte-hartzearekin  lotura duten ekimenak abian jarri ditugu.

Zentzu honetan, gure jarduera Bilboko 8. Barrutira mugatzen dugu guretzat tamainak garrantzia baduelako… Gertutasunean, entzutean eta erlazioan oinarritutako komunitatearen esku-hartze soziala egiteko, tamaina, populazio maila eta Erakundeak komunitatean duen inplikazioa garrantzitsuak direla uste dugu.

Bilboko 8. Barrutia eta Gure Lurra Elkartearen Gizarte Garapeneko esku-hartze eremua ezaugarri ezberdinak dituzten sei auzok osatzen dute. Aipatutako auzoak hauek dira: Basurtu, Zorrotza, Olabeaga, Altamira, Masustegi eta Mintegitxueta. Barruti honek 7,09 km2ko azalera dauka eta Bilboko mendebaldean dago. Barrutia Barakaldoko udalak (Burtzeñak eta Lutxanak) eta 1. Barrutiak (Deustuk), 6. Barrutiak (Abandok) eta 7. barrutiak (Errekaldek) mugatzen dute. Gaur egun, Barrutiak guztira 31.942 biztanle ditu, horrek esan nahi du km2 bakoitzeko 4.505 biztanleko dentsitatea duela.

Auzoen sakabanatzea dela eta, Barrutiak lurralde zailtasunak ditu. Zorrotzako auzoa, adibidez, Burtzeña eta Lutxana auzoetatik (Barakaldoko udalekoak direnak) Olabeaga edo Mintegitxuetatik baino gertuago dago. Gainera, aurreko taulan ikus daitekeenaren arabera, biztanleria indizeari dagokionez, auzoen artean ezberdintasun handiak daude. Olabeaga, Altamira, Masustegi eta Mintegitxueta auzoek Basurtu eta Zorrotza baino biztanleria gutxiago dute.

Bilbao Open Data 2019

ZORROTZA

zorrotzaGeografikoki, hiriko erdialdetik urrutiago dagoena da eta hiru gune nagusitan zati dezakegu, mugak arkitektura-oztopoz markatuta eta era negatiboan indartuta, daudelarik. Muga hauek FEVEko edo Renfeko trenbideak eta A-8 autobidea dira eta auzo honetako lotura fisikoa eta soziala oztopatzen dute.

R Banner

Gune horietako lehenengoa Zazpi Landa da, hemen ez dago merkatal jarduerarik eta bizitegi-gune bat da, bertan pasaden mendearen erdian industrian lan egiten zuten pertsonentzat eraikitako etxebizitzak daude eta apurka-apurka jendea bertatik alde egiten ari da. Kobeta mendiaren azpian dago eta A-8 autobideak eta FEVEko trenbideek mugatzen dute. Bigarren gunea erdigunean dago eta kale nagusia Fray Juan da. Gune honetan merkatal jarduera gehiengoa metatzen da eta zerbitzu gehiago eta garraio publikoko komunikazio hobeak daude. Azkenik, El Puntal aurki dezakegu, Barinaga esponente nagusia delarik, Renfeko trenbideen bestaldean dagoena eta auzoko gunerik andeatuta dena. Gune honek, hiriaren azkeneko aukera eremuetako bat denak, 315.000 m2ko azalera dauka eta, azkeneko informazioen arabera, 2.100 etxebizitza berri, balio erantsi altuko enpresa garbiak, gizarte hezkuntza-ekipamenduak, aisialdirako eremuak eta berdeguneak egongo dira.

Zorrotzaren ezaugarririk nagusiena izaera langilea  da. Zorrotza Bilboko erdigunetik aldenduta dago eta metroa gehien erabiltzen den garraiobidea bilakatzerakoan bere isolamendua areagotu egin da, izan ere, metroak ez dauka geltokirik auzo honetan. Lurralde egoera honek identitate propio oso nabarmena eman dio auzoari eta, hori dela eta, antolatutako gizarte mugimendu handia dago.

BASURTU

basurto

Biztanle kopuruari dagokionez, Basurtu barruti honetako lehenengo auzoa da. Auzo honek azken urteotan hiri aldaketa handiak izan ditu. Beste ekimen batzuen artean, Sabino Aranako bidezubia desagertu da, libre geratu den orube handi batean etxebizitza ugari eraiki dira, San Mames berria egin dute eta, hurrengo urteotan, oraingo Termibus (Ibilbide Luzeko Autobus Terminala) lurperatu eta modernizatuko dute. Auzoan Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa eta Euskal Irrati Telebistaren egoitza nagusia daude baita ere. Gainera, baliteke EHUko Medikuntza Fakultatea gune honetara mugitzea. Barruti Kontseiluko osoko bilkurak auzo honetako
Udal Zentroan, orain dela gutxi eraikita, egiten dira eta baita Udaletxeak eta Auzokide Elkarteek antolatutako beste jarduera batzuk baita ere. Basurtuko Auzokide Elkartearen jarduera nabarmena izan da eta bai auzoan eta bai Bilbo osoan erreferente garrantzitsu bat da gaur egun.

OLABEAGA

olabeaga

Olabeaga 1.200 biztanle inguru duen auzoa da eta bere historian zehar auzokideen eta antzineko denboretatik auzoan ertzeratzen zuten atzerriko marinelen abentura ugari dago. Izan ere, Olabeagari Norvegia ere deitzen zaio, Norvegiatik zetozen bakailao-ontzi ugarik ezin zutelako Bilboko kaietara heldu bere sakonera zela eta.

Beraz, Olabeaga itsas-izaera nabarmena izan duen auzoa izan da eta bertako biztanleek nabigazioarekin lotutako zereginak egiten zituzten. Olabeagan beti marinelak egoten zirenez, sarri gorabeherak egoten ziren.

Auzo hau Zorrotzarekin lotzen duen 2010. urtean zabaldutako pasealekua, auzoaren birgaitzerako Udaletxeak abian jarri duen Plan Berezia eta Bilbora sartzeko eraiki diren bide berriak auzoaren azken urteetako historia markatu duten jazoerak izan dira. Halaber, azkeneko hileotan, bai Udaletxeak bai auzoko gizarte erakundeek Sustapen Ministerioaren Planaren aurka daudela adierazi dute, izan ere, Plan honen asmoa Trenbidearen Hego-saihesbidearen zati bat auzoko erdigunetik pasatzea da.

Merkatal mugimendu handirik ez badago ere, auzo honekgiro handia dauka. Erretiratuen Elkartea, Olabeaga Bizirik plataforma, dantza taldea… Auzo Etxetik mugitzen dira auzokideen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko asmoarekin. Auzoak kontsultategi bat ere badu, eta nahiz eta astean bi aldiz baino ez duen arreta ematen, auzokideek sarritan ez dute Iparraldeko Osasun Zentrora joateko beharrik izaten.

ALTAMIRA

altamira

Altamira auzoa Kobetas mendiaren magalean dago. Bilboko 2014ko datuen arabera, 1.716 biztanle dago.

Auzoa, 60ko hamarkadan jaio zena, lasaia da eta ia ez du izaten segurtasun arazorik, merkatal-jarduera gutxi dauka eta bere bizitza soziala Auzo Etxearen, umeentzako kulunken eta frontoiaren inguruan gertatzen da. Nahiz eta auzora Bilbobuseko bi linea heltzen diren, auzokideek auzoak duen arazorik nagusiena komunikazioa dela nabarmentzen dute. Izan ere, Atxuritik auzora autobusez heltzeko ordu bete behar izaten dute. Oinezkoentzako irisgarritasuna arazo larria da baita ere pertsona nagusientzat, desgaitasunak dituzten pertsonentzat… Altamirako kale nagusiaren eta Bilboko gainerako guneen artean malda handia dagoelako (Landako Eskailerak deitzen direnak).

Frontón del Barrio Altamira en Bilbao

Auzo Etxeak, Arestizabala Eskola Publiko berrituan dagoena, erabilera anitzeko gela bat, ludoteka, gimnasioa, liburutegia eta eskulanak eta taldeko jarduerak egiteko hainbat gela ditu. Gizarte-mugimenduari dagokionez, Kobeta Mendi konpartsa (duela gutxi Konpartsen Federazioa utzi duena), Txatxangorri Guraso Elkartea eta auzoko jai batzordea nabarmendu ditzakegu.

Auzokideek auzoan lortu duten guztia borraka bidez lortu dutela diote. Oraindik gauzak nahiko hobetu behar badira ere, azkeneko urteotan auzoak bilakaera handia izan duela aitortzen dute eta etorkizunarekiko baikor agertzen dira.

MASUSTEGI

masustegi

Masustegi, baita Korea edo Brasil izenez ezaguna ere hango fabelekin duen antz handiagatik, 4.000 biztanle inguru duen auzoa da. Estatuko parte ezberdinetatik,batez ere Galiziatik, lan bila Bilbora etortzen ziren etorkinen etxebizitza beharrak zirela eta, 60ko hamarkadan sortu zen auzoa. Mendi-hegalean dago eta Miguel de la Víaren jabego industriala izan zen, honek harrobi bat ustiatzeko lurrak erosi eta gero. Ahoz ahozkoa erabakigarria izan zen etorkin askok Masustegin finkatzea erabakitzeko.


FOTOGRAFÍA: FERNANDO GÓMEZ. FOTOGRAFÍA : FERNANDO GÓMEZ. VISTA DE MASUSTEGI. 08/10/24.

Auzoa hormak eta teilatua zuen edozein eraikin eraistea galarazten zuen frankismoaren lege baten babesari esker jaio zen. Heldu berriek gauean zehar etxeen zatiak eraikitzen zituzten eta egunean zehar auzoko apaizak etxebizitza horiek existitzen zirela ziurtatzen zuen.

Auzokideek eraikitako auzoa da, ur-sarea beraiek ere instalatu zuten, eta 2011. urtera arte ordenaziotik kanpo egon zen. Auzokideen hitzetan, auzo lasaia da eta bista onak ditu. Azkeneko urteotan asko hobetu bada ere, irisgarritasun arazo handiak ditu oraindik, kaleak estuak dira, hirigintzak ez dauka ordena gehiegirik eta denda gutxi ditu.

MONTE CARAMELO

kobetamendi

Masustegi ondoan dagoen auzo txikia da eta ekialdean Betolazak eta Errekaldeko Inguraketak mugatzen dute. Nekazal gune batean dauden etxebizitza gutxi batzuk dira. Udaletxeak auzo osoa berriztatu zuen, autobusetarako sarbide berria eraiki zuen eta kanpoaldeko hiru aparkaleku erabiltzeko prestatu zituen.

monte caramelo

Gainera, zenbait bidetan zoladura jarri zen, eskailerak, barandak, eta horma berriak jarri ziren…, argiztapena guztiz hobetu zen segurtasuna areagotzeko eta etxebizitzak gasez hornitu ziren.

Colaboradores / Laguntzaileak: